Ikasleen harrera

DBHko 1. mailako ikasleak

Etapaz, ikastetxez, irakaslez eta abarrez aldatzea gehiegi da hamabi eta hamahiru urteko ikasleentzat (ikasgai desberdin eta gehiago izango dituzte, irakasle gehiago izango dituzte, espazio ezezaguna, desplazamendu luzeagoa, denbora antolaketa desberdina, etab.). Hori dela eta, ikastetxean lan egiten dugunok ahalegina egin behar dugu lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara igarotzen diren ikasleei harrera gozoa eta adeitsua emateko, hasierako egun hauetan gertatuko denak baldintzatu dezakeelako ikasleen jarrera positiboa edo negatiboa institutuan. Harrerak ez du izan behar, beraz, ikasleak dagozkien geletan "sartzea"; oso garrantzitsua da harrera saioak ondo planifikatzea eta antolatzea, horri beharrezkoak diren egunak emanez, ikasle berrien zalantzak, kezkak, informazio eza eta beldurrak saihesteko. 

DBH1 egitera etorriko diren L.H-ko 6. mailako Gainzuri ikastetxeko ikasleak, maiatzaren bukaeran/ekainaren hasieran, J.M.Institutura etorriko dira ikastetxe berria izango dena ezagutzera. Informazioa emateaz eta dituzten zalantzak argitzeaz arduratuko dira eurak baino urte bete zaharragoak diren eta jada DBH1 egiten ari diren ikasleak. 

J.M. Iparragirre B.H.I-n lehenengoz DBH1 egingo duten L.H-ko 6. mailako Gainzuriko ikasleei ahalik eta erantzunik hoberena eta pertsonalizatuena emateko, bi ikastetxeen arteko bilerak egingo dira eta informazio trukaketa egongo da. Lehen Hezkuntzako 6. mailako tutoreengandik ikasle bakoitzari buruzko informazioa jasoko da: 

• Ezagutza maila, hartutako neurriak eta proposatzen dituztenak. 
• Besteekiko harremanak bai bere adinekoekin baita nagusiekin ere, hartutako neurriak eta proposatzen direnak. 
• Familiaren eta ikastetxearen arteko lankidetza. 
• Administrazio datuak: beka, garraioa, etab. 

Taldeak egiterakoan 6. mailako tutoreen iritzia errespetatuko da. 

Hezkuntza-premia bereziak dituzten eta laguntza taldean dauden ikasleen inguruan bilera berezi bat egingo da. Bertan Berritzeguneko HPBetako erreferenteak, Gainzuri ikastetxeko laguntza taldeko irakasleak eta Institutuko Orientatzaileak eta Pedagogia Terapeutikako irakasleek hartuko dute parte. Bilera honetan jasotako informazioa erabiliko da hurrengo ikasturtean Institutuan laguntza behar duten ikasleei eman beharreko erantzuna bideratzeko. Informazio honetan oinarrituta Orientazio departemenduak Zuzendaritzari ikasle hauentzako plangintza bat proposatuko dio uztaileko planifikazioa egitean kontuan har dezan. Irailaren lehenengo egunetan eta klaseak hasi baino lehen, irakasle taldeari eta tutoreei ikasle bakoitzaren beharrei eta hartutako neurriei buruzko informazioa emango zaie. Arloko irakasle bakoitzak, pedagogia terapeutikoko irakaslearekin batera, ikasle bakoitzaren curriculum proposamena egingo du eta aurrera eramateko beharrezkoa den materiala antolatuko du. 

DBH1eko taldeetan garatuko diren lehenengo tutoretza saioetan talde dinamikak, soziogramak eta abar egingo dira bereziki arauak, jarrerak eta ohiturak lantzeko. Tutoretza planean ikasle guztien integrazioa lortzeko eta aniztasuna onartzeko ekintza desberdinak garatuko dira. 

Klaseko lehenengo egunean DBHko 1.mailako ikasleak eta tutoreak areto nagusian biltzen dira. Ongi etorria ematen zaie eta gero tutorek lagunduta dagozkien geletara abiatzen dira.

DBHko beste mailetako ikasleak 

DBHko beste kurtsoetako ikasleak zuzenean joaten dira geletara irailean, bertan tutoreak ordutegia, egutegia, irakasleria, oinarrizko arauak eta abar azalduko dizkie. 

Batxilergoko eta Heziketa Zikloko ikasleak 

Batxilergoko aurrematrikula garaian DBHko 4. mailako ikasleentzat ateak zabaltzeko eguna antolatzen da. Interesatuta dagoen edozein ikasle etor daiteke bere familiarekin batera instalazioak ezagutzera eta behar duen informazio osoa jasotzera, hezkuntza eskaintza eta antolaketari buruzkoa. Heziketa Zikloko ikasleei dagokienez, Heziketa Zikloko koordinatzailea eta irakasleak arduratzen dira aurrematrikula garaian ikastetxera deitzen duten edo gerturatzen diren ikasleen zalantzak argitzeaz. Halaber, instalazioak eta ikastetxeko funtzionamendua ezagutzeko aukera eskaintzen diete. 

Ikasle etorkinen harrera 

Plan hau gure komunitatetik kanpotik datozen ikasleei zuzenduta dago. Hauek dira kontuan izango ditugun elementu nagusiak: 

• adina. 
• hizkuntzak. 
• aurreko eskolatzea. 

Era berean, kontuan izango ditugun beste alderdi batzuk honako hauek dira:

• ikasle berriei eskaintzen zaien laguntza edota programazioa ez da estatikoa izangor, aldi desberdinei moldatutakoa baizik 
• familia eta eskolako gaizki ulertzeak saihestuz, informazioa trukatzerakoan ahalik eta transmisio hoberena lortu behar da. 
• tutoreez aparte, ikasle hauen irakasle guztien inplikazioa ezinbestekoa da, eta irakasle ez diren beste langileen inplikazioa ere beharrezkoa da. 

Lehenengo kontaktua familiarekin egingo da. Beharrezkoa bada, Lurralde Ordezkaritzako itzulpen zerbitzua eska daiteke. Familiak lehenengo kontaktua zuzendaritzarekin egingo du. Bilera honetan zuzendaritzak familiari eman behar dion informazioa (ahoz eta idatziz) hauxe izango da :

• ordutegiak eta jarduerak. 
• ikasleak behar duen materiala. 
• testu liburuak, materiala, jantokia, ordaintzeko beka eta laguntzak eskuratzeko informazioa (eskaerak betetzen lagundu). 
• hezkuntza sistemari buruzko oinarrizko informazioa (hizkuntza desberdinetan prestatuta dago). 
• ikastetxearen helbidea, telefonoa eta harremanetarako pertsonaren izena. 

Ikastetxea bera erakutsiko zaio (gelak, liburutegia, gimnasioa...). Bilera honetan ikastetxeak informazio hau jasoko du: familiaren eta ikaslearen xehetasunak, hau da, jatorria, familiaren hizkuntza, ordura arteko eskolatzea, bizilekua, familiako kideak... (honetarako inpresoak prestatuta izango dira). 

Hurrengo bileretan: Ikastetxeak familiari honako informazioa emango dio: 
• eskolako xehetasunak (huts egiteak, etxeko lanak, irteerak, eskolaz kanpoko ekintzak...). 

Komenigarria da familiari beste zerbitzu batzuen berri ematea: 
• udalaren menpe dauden zerbitzu kultural eta aisiakoak (euskara ikastaroak ...). 
• zerbitzu medikuak. 
• GKEak (hauek batzuetan zerbitzu juridikoak dituzte). 
• helduen heziketa. 
• … 

Ikaslea maila edo gela batean kokatzerakoan, irizpideak hauek izanik, malgutasunez jokatuko dugu: 

• Adina: ez da komeni ikaskideekiko adin-aldea urtebetekoa baino handiagoa izatea. Sozializazioa adinkideen artean errazago egiten baita, eta gainera, antzeko adina dutenen artean portaerak ikastea eta harremanetarako hizkuntza bera ikastea ere errazagoa baita. 
• menperatzen dituen hizkuntzak. 
• ikasleak aurretik izan duen eskolaratze prozesua. 
• abiapuntua hasierako balioestea izango da, batez ere arlo instrumentaletan duen maila. Arloko irakasleek eta hizkuntza(k) indartzeko irakasleak ardura berezia izango dute zeregin honetan. Balioeste honetan oinarrituta antolatuko da gelan eta gelatik kanpo ikasleari emango zaion laguntza. 

Hizkuntza indartzeko prozesuari dagokionez, atzerritik datozen ikasleei gure hezkuntza sistemara egokitzeko programa prestatuko zaie lehen asteetan. Honetarako hasierako ebaluazioa egingo zaie. 

Familiaren hizkuntza arrotza denean (bi hizkuntz ofizialak), eta baliabiderik ez dagoenean, Lurralde Ordezkaritzako itzulpen-zerbitzua eskatuko dugu. Horrela langile kualifikatuak erabiliko ditugu informazio-truke argia, osoa eta isilpekoa izateko. 

Tutorea, hipiarekin, eta ez badago, orientatzailearekin, egin behar duen banakako plana edota norbanako plana egiteko bilduko da. 

Irakasle-talde osoak parte hartu behar du gelako jardueretan tutorearekin koordinatuta eta hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna. Gogoan hartu behar da irakasle guztiak bihurtzen direla hizkuntza-irakasle.